XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iluntzen hasia zen, eta 4.000 panamar erreminduk hartu nahi zuten Zona.

Agintari gringoek Adolfo Chiari lehendakariari deitu zioten, Guardia Nazionala atera zezan.

Baina Chiarik ezin zuen panamarren haserrea zanpatu: polizia asko, paisanoz eta armak eskuan, manifestarien artean zihoazen, Estatu Batuak inbaditu eta ahal zuten gringo gehienak akabatzeko asmoan.

>Yankee, go home!

Lehen gas poteak eta perdigoi deskargak heldu ziren.

Yankee, Fidel come to kill you!

Zonako poliziak ezin zuen amorru hura menderatu.

Soldaduek ordezkatu zituzten.

Puertorriqueños muertos de hambre, no tienen patria!

Jorge Gastelú peruarra zen jaiotzez, baina urte asko zeramatzan Panaman, irrati-komunikazioa ikastera etorri eta bertan ezkondua zen.

Argazkilari zebilen, eta Zonatik etxera zetorrela erdian harrapatu zuten istiluek.

Bere Rolleiflexa atera eta argazki batzuk egin zituen lentea 3.5ean zabalduta.

Haietako bat ezaguna eginen zen mundu osoan.

Tel Aviveko museoan dago egun mural gisa, herrien subiranotasun nahia erakusten duelako: Ricardo Hurtado ikaslea Zonako langa iragan nahirik Panamako bandera eskuan.

Gastelúk argazkia atera besterik, bala batek jo zuen Hurtado.

Beste ikasle batek, Ascanio Arosemenak, lepoan hartu zuen eta lasterka abiatu zen laguna eritetxera eramatera.

Handik labur, manifestariek jakin zutenean Ascanio balaka hil zutela, buztanbeltzek urteetan gordetako errabiamendu guztia lehertu zen Panamako eta Colongo karriketan, gau osoan iraun zuen matxinadan: 12 hildako eta 471 zauritu ospitaleetan zainduak, denak gringoek eraginak.

Chiariren Gobernuak harreman diplomatikoak eten zituen Estatu Batuekin.

Urtarrilaren 9a dolu eguna ezarri zen Panaman.

Hamahiru urte geroago, Omar Torrijosek gonbidatu berezi bat eraman zuen Kanalaren gaineko Hitzarmena sinatu behar zuenean, herren egiten zuen gizon gazte bat: Ricardo Hurtado.